Kaixo, Gorka Egia naiz.
“Ezin da!” esaldiak mugitzen nau. Ezinezko dirudiena posible egiteko aukerak. “Ezin liteke leihotik salto egin eta hegan hastea, gainerakoa saiatu ezkero lortzen da.” pentsatzen dut berehalakoan. Dakidana da, gauzak berdin eginez emaitza desberdinik ez dela lortzen. Zer beste egin dezakegu ezinezkoa dirudiena gainditzeko?

Alkate izan naizen 8 urteetan maiz egin izan dut topo “Ezin da!” jarrerarekin. Herritarrek ez zuten parte hartzen Orendainen, % 85etik gorako parte-hartze tasak izatea lortu genuen arte. Ezinezkoa zirudien arren, gaikako bilketa egiteko sistema eroso, garbi eta polita diseinatu eta jarri genuen martxan, herritarren babes zabalarekin. Interneteko zuntz- eta antena-sareekin azpiegitura publikoak jarri genituen, bidean hori egiteko zailtasun handiak topatu bagenituen ere. Oso herri txikia izanagatik, Guztion Onerako Ekonomia edota Transition Towns bezalako mundu mailako mugimenduetan erreferente izatea lortu genuen. Azken finean, murrizketa beste aukerarik ez zegoela esaten zen krisi garai hartan, bestelako kudeaketa eredu bat egitea lortu genuen.

Kontaktuan jarri

Ez da oraingo kontua. Irauli ezinezko diruditen egoerak gainditzea egokitu baitzait bizitzan zehar, txiki-txikitatik hasita. Ustekabeko erabakiak hartu beharra, bizitzan aurrera egiteko.

Bigarren Hezkuntzan oso nota onak ateratzen nituenez, denek uste zuten unibertsitatera joango nintzela, baina ez! Antzerki ikasketak egin nituen Iruñean. Inoiz hartu dudan erabakirik onena izan da, antzerkiari esker, bizitza guztian ezinbesteko izan zaizkidan dohain eta oinarriak izatea lortu bainuen.

Antzerkia ikasi bitartean, AEKn egiten nuen lan Iruñezarren. Sos batzuk irabazi behar nolabait! Gozatu egiten nuen klaseak ematen eta, nire pasioa irakaskuntza dela deskubritu nuenean, argi ikusi nuen irakaskuntza ikasketak egin nahi nituela. Zein irakaskuntza mota, ordea? Bada, ingelesik ez nekienez, bide huraxe aukeratu nuen. Oraindik gogoan dut aurreneko klasean, irakasleak ingelesez entzun ninduenean, jarri zuen aurpegia. Gerora maisu izan nintzen 3 urtez Kalifornian, Ameriketako Estatu Batuetan.

Orain, berriz, ikastola batean lanpostu finkoa izanagatik, lana utzi eta proiektu berri honen aldeko apustua egitea erabaki dut. “Nola egingo duzu hori? Erotuta zaude!” esan didate askok. Baina, azken urteetan, banuen kezka bat ikasgelan. “Zertan ari naiz ume hauei batuketak egiten eta irakurtzen irakasten, beraien geroa arriskuan jartzen ari garen bitartean?” “Zein izango da nire belaunaldiak Lur planetari egingo dion ekarpena? Aurreko belaunaldiak egindakoari jarraipena?

Bizitza galtzear dago Lur planetan eta ezin da ezer egin. Politikak ez dauka erremediorik. Erakundeak ustelduta daude, eta beti horrela izango da, gainera. Horrelakoak entzuten ditut leku guztietan. Honen aurrean, beste behin ere, gogoz eta indarrez beteta sentitzen naiz ezinezkoa dirudiena gainditzeko.

Nahi gabe eta nahita, hemen nago ezina ekinez egin nahian. Txikitik, bertatik, dakidan apurretik, apaltasunez baina gogo biziz. Kudeaketan berrikuntza, politikan sormena, eta erakunde publikoetan konponbideak ezarri nahirik. Ekin diezaiogun lanari!